viernes, 9 de enero de 2009

Gaurko ipuintxoa

Duela urte asko, aspaldi handian, igel erraldoi baten beldurrak bizi zen abenakitarren herria.Errekak eta ibaiak hurrupatzen zituen igelak, eta abenakitarrak urik gabe ari ziren geratzen. Beren tipiak bildu eta edateko ur bila abiatu ziren. Abenakitarren buruzagia ez, hura bertan gelditu zen. Hari ez zion beldurrik ematen igel erraldoiak. Eta bazeukan asmo bat.Aizkora hartu eta haritz handi bat hasi zen ebakitzen. Baina ez zuen guztiz ebaki: igel erraldoia etorri arte itxaron zuen. Eta igel erraldoia haritzaren azpitik pasa zenean, abenakitarren buruzagiak, ezkutatua zegoen zokotik irtenda, azken aizkorakada jo zuen.
Errekak eta ibaiak hurrupatzen zituen igel erraldoiaren gainean jausi zen haritza, eta hil egin zuen. Ur garden gozoa isuri zen haritzaren adarretatik. Baina, bitartean, abenakitarrak iritsiak ziren zabalaren zabalez ura besterik ageri ez zuen ibai baten bazterrera. Dastatu zuten ur hartatik, eta gazia zela jakin zuten. Nekaturik zeuden, egarriturik zeuden. Ez zeukaten indarrik ur edangarriaren bila aurrerago joateko.
Uhinek eraman zituzten, hondoratu egin ziren. Eta itsasoaren hondotik balea bana bihurturik azaleratu ziren. Horregatik jaurtitzen dituzte baleek halako ur-zorrotadak: ur gozoko iturriak dauzkate gogoan. Oraindik ez dakite beren buruzagiak hil egin zuela igel erraldoia. Egunen batean, beharbada, igerian iritsiko dira haritz handiaren ibietaraino. Hori da buruzagiak espero duena. Hantxe daukate zain, Adanak izeneko herrian, Quebec-en. Bisitan joaten bazarete, «kolipaio» esango dizue: «ongi etorri» esan nahi du abenaki hizkuntzan.

Koldo Izagirre

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Si quieres cambiar algo, sé parte del cambio, implícate, participa, difude. Desde fuera mirando sólo adquieres el vicio de la crítica.